Skip to main content


Irizarrek mugarria jarri du, lehen Irizar i3 elektriko integrala entregatuta


Hiriarteko ibilgailu elektriko integral horren lehen unitatea Poloniako Bełchatów hirian entregatu dute. Ibilgailuaren aurkezpenean tokiko eta eskualdeko agintariak, Irizarrek Polonian duen Wanicki banatzaile ofiziala eta Irizarko taldea egon ziren.

 

12,75 m-ko Irizar i3 elektriko integral honek 45 plaza ditu eserita eta 20 bidaiari arteko edukiera zutik, aukeran MUPentzako plaza bat izateaz gain. Hiriarteko ibilgailu horrek belaunaldi berriko helmuga-panel bat darama, definizio gorenekoa, eta beira oso ilunduak. Era berean, 360º-ko ikusmen zenitaleko kamera bat du integratuta, hirian eta hirien artean istripuak saihesteko.

 

Irizar i3 Low Entry elektriko integralaren lehen unitate hau ekainaren hasieran jarriko da martxan Bełchatów-en eta Łódź eskualde osoan. Ekimenaren helburua da eskualde osoko herriak hiri erdigunearekin lotuko dituen doako garraio zerbitzua eskaintzea, irisgarritasuna hobetzeko eta egoiliarren mugikortasuna errazteko.

Irizar i3 elektrikoa

 

Irizar i3 elektriko berria % 100 elektrikoa da, hiriarteko eragiketetarako berariaz diseinatua, eta Low Entry eta Normal Floor konfigurazioetan dago eskuragarri. Eguneko jardun osoa karga bakar batekin egitea ahalbidetzen duen autonomia eskaintzen du, operadorearen eraginkortasun operatiboan lagunduz. Normal Floor bertsioa maletategiaren edukiera maximizatzera bideratuta dago, ekipaje-premia handieneko hiriarteko garraioa erraztuz, ibilgailuaren errendimendua arriskuan jarri gabe.