Skip to main content


Irizarren lehenengo kamioi elektrikoak Donostiarako


Irizarrek hiriko hondakin solidoen bilketarako N3 kategoriako bi kamioiz hornituko du Donostiako Udala. Ibilgailuak Irizar ie truck modelokoak dira, %100 elektrikoak eta zero emisioak, eta datorren 2023aren amaieran entregatuko dira. Hala, Donostia izango da bere flotan kamioi erabat elektriko bat duen lehen euskal hiria. Kamioi horiek eskuin alboko karga duten CMPL8 modeloko hondakin biltzaileez hornituko dira, eta 9.2 metroko luzerako 6x2 konfigurazioko txasisa izango dute. Azken belaunaldiko Irizar bateriak edukiko dituzte. 306.9 kWh-ko edukiera duten bateriak dira, eta lanaldi oso bat egin ahal izango da horiekin. Combo 2 hargune baten bidez kargatuko dira, eta 360kW-eko gehieneko potentziako motor elektriko batek propultsatuko ditu. Kamioiek 9.140 kg-ra arteko karga erabilgarria izango dute, eta 19,8 m3-ko karga ahalmena. Josu Letona Irizar ie truck proiektuaren arduradunaren hitzetan, “Harrotasunez betetzen gaitu bi kamioi elektriko horiek hemen, gure ekoizpen instalaziotik 50 kilometro eskasera, hornitu ahal izateak. Hiri ingurunetan ibiltzeko bereziki diseinatutako detaile ugari ditu, hala nola kabina, zero emisio eta zarata maila txikia, eta, ezaugarri horiei esker, Irizar ie truck ibilgailu egokia da hiri eta metropoli inguruetan ibiltzeko, eta horrek ekarriko du donostiarrek hiria garbiagoa eta seguruagoa edukitzea, eta ingurunea iraunkorragoa”. Ez da lehen aldia Irizar ie truck Gipuzkoako hiriburuko kaleetan ibiltzen dena. Iaz, kamioi hau hainbat astez ibili zen udalerrian, proba batzuk egiten, eta emaitza oso positiboa izan zen. Erosketa horrekin, Donostiako Udalak tinko jarraitzen du mugikortasun iraunkorraren alde egiten, eta neurriak hartzen jarraitzen du gero eta garraiobide eraginkorragoak eta ingurumena errespetatzen dutenak sustatzeko. Energia eraginkortasuna, segurtasuna, irisgarritasuna, moldakortasuna eta ingurumen onurak dira ibilgailu hau definitzen duten ezaugarririk esanguratsuenetako batzuk. Ie truck kamioiaren kabina hirian erabiltzeko garatu da esklusiboki. Lau pertsona arteko edukiera dauka, eta 370 mm-ko eskailera maila bat bakarrik. Horrek egiten du gidaria eta berarekin doazenak seguru ibiltzea kamioira igotzean. Ate pneumatiko bat dauka, ibilgailuaren barrualderantz baskulagarria, eta, horrekin, kaleetan edozein oztopo egonda ere langileak igaro egin daitezke. Ate horrek harrapatzeen aurkako sentsoreak, fotozelula bat eta orrian ertz sentikorra integratzen ditu, aplikazio azeleratuenetan ezustekorik gerta ez dadin. Kabinak, gainera, laguntzaileentzat tolesgarriak diren eserlekuak ditu, eta horrela oztoporik gabeko korridore bat sortzen da eserleku horiek biltzean. Gidariaren eserlekua baxu dagoenez eta aurreko eta alboetako kristalak zabalak direnez, gidariak ikuspegi panoramiko ezin hobea du, eta ondo ikus ditzake kaleak, txirrindulariak, oinezkoak eta erabiltzaileak, haien arteko elkarreragina erraztuz eta angelu hilak ezabatuz. Irizar Taldeak garatutako teknologiaz hornitua, ie truckak egonkortasunaren kontrol elektronikoa dauka (ESP), esekidura maila moldagarria (erabat pneumatikoa) eta larrialdiko balaztatzerako laguntza (AEBS), bere eragiketaren segurtasun optimoa bermatzeko. Era berean, kamera bat dauka aurrealdean, errei aldaketa antzemateko (LDWS). Gogoratu behar da unitate horiek hondakinak biltzeko izango diren arren, Irizar ie truck malgutasun eta moldakortasun handia eskaintzeko sortu dela, bai txasisa bai kabina integratzeko. Horrela, txasis hau merkatuan dauden karrozeriak integratu ahal izateko prestatuta dago, eta erabilera ugarietarako balio due, hala nola, banaketa lehorreko edo hotzeko ibilgailuetan erabiltzeko, errazte makinetarako eta baldegailuetan, eta beste aplikazio batzuen artean, mugikortasun murriztuko pertsonentzako garraioan, elikagai edo erregai zisternetan edo garabi plataformetan.