Skip to main content


Irizarrek eta Ibilek autobus elektrikoen bateriei bigarren bizitza bat ematea bultzatuko dute karga guneetan energia gordetzeko


Ibilek eta Irizarrek, mugikortasun elektrikoaren garapenerako soluzioetan aitzindariak diren enpresak izanik, lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute, zeinari esker autobus elektrikoen bateriei bigarren bizitza bat emango zaien. Enpresa bien artean izenpetutako hitzarmenari esker, Irizarrek ekoitzi eta bere autobusetan instalatzen dituen bateriak berrerabili ahal izango dira, energia gordetzeko elementu gisa, eta aplikazio horri lotutako potentziako elektronika ere berrerabili ahal izango da, Ibil garatzen ari den eta besteak beste Repsolen zerbitzu estazioetan zabaltzen ari den karga azpiegituretan. Ibilgailu elektriko baten funtsezko pieza dira bateriak. Baterien mende daude ibilgailuaren autonomia, prezioa, kargatzeko abiadura eta bizitza baliagarria. Hiriko autobus elektrikoen kasuan, bateriek 15 urteko bizitza baliagarria ere eduki dezakete, egunero eta potentzia handiekin kargatzen dira-eta. Denbora hori igarota, metagailu horiek ordeztu egin behar dira ibilgailuak jatorriko funtzionaltasun bera eduki dezan. Lehen bizitza hori amaitzeak, ordea, ez du esan nahi bateriak karga ahalmen guztia galdu duenik; beraz, ingurumenarekiko eta ekonomia zirkularrarekiko konpromisoan aurrera egiteko, bateriak bota beharrean berrerabili egingo dira, modu iraunkorrean, estazioetako biltegiratze aplikazioetan, energi eskaera egonkortzeko potentzia maila altuak dituzten ibilgailu elektrikoak kargatzen direnean. Irizarrek eta Ibilek egoera horrentzat irtenbidea daukate;  izan ere, bigarren bizitzako bateriak Ibiliren birkargatzeko puntuetan instalatu ahal izango dira energia biltegiratzeko, eta hartara denbora bikoitzean erabili ahal izango dira honako helburu hauek lortzeko: Sare elektrikoan beharrezkoa den potentzia murriztea eta horrekin azpiegituraren eragiketa kostuak ere murriztea, eta aldi berean potentzia handiko kargarako azpiegiturak zabaltzea ahalbidetzea, baita sare elektrikora konektatzea konplexuagoa eta garestiagoa den lekuetan ere. Horrez gain, kargarako azpiegitura hauei biltegiratzeko aukera gehituta, errazagoa da energia fotovoltaikoaren sorkuntza banatua sistema horretan integratzea , energia tokian bertan sortzeko.