Skip to main content


49 autokar Irizar i6 Greyhound Resourcesentzat


Greyhound Australiak iragarri du 49 autokar Irizar (Volvo txasisarekin) erosi dituela. Sektore pribatuaren azken hiru urteetako salerosketa handiena da, eta kontratua urriaren 15ean sinatu zuten Melbournen  Greyhoundeko CEO Alex de Waal-ek eta Daniel Castrok, Asia/Pazifikoko Zuzendari Nagusiak. Ibilgailuak Irizar i6 3700 izango dira, 12,3 metrokoak, meategietarako bertsioak, Volvoren B8R Euro 5 txasisen gainean. 2019ko martxotik aurrera entregatuko zaizkio Greyhoundi eta produkzioa hil honen amaieran hasiko da Brasilen.  Espezifikazioen artean meatze inguruneetarako bereziki garatutako sistemak daude, esaterako, bidaiari guztientzat segurtasun uhala monitorizatzeko sistema, suteak itzaltzeko sistema eta European Coach motako eserleku etzangarriak.  B8R trakzio kateak Volvo 8L motor berriena darama, 330 zaldikoa eta abiadura-kaxa automatikoarekin gidariaren nekea murrizteko. Irizar eta Greyhound Australiaren arteko lankidetza 2008an hasi zen, eta ordutik Irizarrek 140 unitate baino gehiago saldu dizkio autokar operadoreari.  Irizar 2007an iritsi zen Australiara. Konpainiaren historian zehar Irizarrek beti erantzun izan die bezeroen beharrei eta etengabe lanean jardun du ibilgailuen segurtasuna, fidagarritasuna eta erosotasuna hobetu eta 1889tik zerbitzurik onena eskaintzeko. Irizar enpresa liderra da munduan errepideko bidaiarien garraioan, produkzioa lantegiekin sei herrialdetan eta presentzia komertzialarekin bost kontinenteetako 90 herrialdetan.