2008/06/10
IRIZAR eta SCANIAk 50 autokar entregatu dizkiote Europan garraio publikoan lehen tokian dagoen Veolia Transport enpresari
Irizar-ek, Scaniarekin batera, hauxe baita Europan autobus eta kamioetarako bastidore-fabrikatzaile nagusietakoa, bere Century karrozeria-modeloko 50 autobus entregatu dizkio Veolia Transport enpresari. Enpresa hau lehen tokian dago Europako Garraio Publikoaren arloan, eta egun hauetan Austria eta Suitzan Eurokopa jokatzen ari diren hamasei federazioetako VIP gonbidatuak garraiatzeko erabiliko ditu autobusak.
Akordio honetan, hainbat luzera eta baldintzatako 50 autokar sartzen dira. Txapelketa amaitu ondoren, autobus horiek enpresa multinazional frantziar horren zerbitzuan jarraituko dute Alemania, Belgika, Norvegia, Txekiar Errepublika eta Suitzan.
Operazio honek 6 milioi eurotik gorako fakturazioa ekarriko dio IRIZAR-i.
Ez da, baina, Irizar eta Scania nazioarteko futbol lehiaketetarako aukeratu dituzten lehen aldia. 1998ko urtean, Irizar eta Scaniak Century modeloko 52 autobus zerbitzatu zituzten, Frantzian izan zen Munduko Futbol Txapelketan parte hartzen zuten selekzioak garraiatzeko.
Century modeloa Irizar karrozeria-enpresak Ormaiztegiko bere egoitzan daukan plantan produzitzen da, eta europar merkatu osorako hornidura du. Modelo honek 15.000 eskaritik gora izan ditu 2001az geroztik.
2007ko azken ekitaldian, Irizar-ek fakturazio marka berria lortu zuen. Negoziobolumena 435 milioi eurotik gorakoa izan zen, eta 3.900 unitate fabrikatu ziren.
Irizar-ek nagusitasunari eusten dio espainiar merkatuan, eta europar merkatuetan ere hazten ari da; aipatzekoa da, inolaz ere, Italia, Grezia, Irlanda, Alemania eta Ekialdeko herrialdeetan izaten ari den portaera ona.
Internazionalizazioa funtsezko faktorea da Irizar izaten ari den bilakaera ikusgarrian.
Izan ere, Europa osoko merkatu lehiakorrena den Espainiakoan aitzindari postuan segitzen du, argi eta garbi, eta Europar Batasunean luxuzko autobusen fabrikatzaileen artean lehen hiru garrantzitsuenen artean dago. 1991n Irizar bost herrialdetan bazegoen ere (Espainia, Frantzia, Belgika, Grezia eta Israel), gaur egun bere jarduera komertziala 88 herrialde baino gehiagotara zabaldu da.
Bere hedapen eta aliantza estrategiaren emaitza gisa, Irizar Taldeak, Ormaiztegiko egoitza nagusiaz gain, honako produkzio-planta hauek dauzka: IRIZAR TIANJIN (Txina 1995), IRIZAR MAGHREB (Maroko 1997), IRIZAR BRASIL (1998), IRIZAR MEXIKO (1999), IRIZAR TVS LTD. (India 2001) eta IRIZAR SOUTHERN AFRICA (Hego Afrika 2004). Zazpi proiektu dira, eta guztira 3.100 pertsona baino gehiago dituzte partaide.
Veolia Transport garraio publikoaren sektoreko enpresa pribatua da, egoitza Frantzian duena eta Europan aitzindaria dena. Europa, Ipar Amerika eta Australian ongi finkatuta dagoelarik, Veolia Transport-ek arlo publiko eta pribatuan dihardu. Veolia-ren bidaiari-zerbitzuen oinarrian autobusak, autokarrak, metroak, taxiak, trenak eta ontziak daude, eta hauez guztiez gain, informazio eta desplazamenduen kudeaketa zerbitzuak eskaintzen dizkie bere bidaiariei. Era berean, Veolia Transportek trenbide-logistikako zerbitzuak eskaintzen dizkio Europar Industriari. Osterantzean, ingurumen arloko soluzioak garatzen ditu, bezeroekin batera energia hautatzeko aukeraz.