SCANIA-IRIZAR REN PB AUTOKAR MODELO BERRIAK, EUROPAKO 2004KO AUTOKARRIK ONENAREN SARIA IRABAZI DU.
   
 
2003/10/06

IRIZARrek “COACH OF THE YEAR 2004 IN EUROPE” saria irabazi du K124EB4X2 SCANIA txasisa duen IRIZAR PB modeloagatik, 2001ean kaleratu zuen prestazio handiko autokarrarengatik, alegia. Aipatutako sariak europar merkatuan modelo berriak salgai jartzen dituzten fabrikatzaileen bikaintasun industrial eta mekanikoa aitortzen du eta munduko garrantzitsuenetakoa da bere sailean, aurkeztutako autokarrei frogarik zorrotzenak egiten dizkielako.

15 herrialdetan bere alorrean liderrak diren aldizkari adituetako zuzendariz osatutako nazioarteko epaimahaiak aukeratu du IRIZAR eta bere partaide den SCANIA “COACH OF THE YEAR” sariaren hamalaugarren edizioan. Horrela, IRIZARren industri ibilbidea eta etengabeko berrikuntzan oinarritutako jokabidea egiaztatuta geratu dira. Gainera, IRIZARrek bere alorreko tradiziorik handieneko fabrikatzaileen artean nagusitzea lortu du, kontuan hartu behar baita orain arte alemaniarrek irabazi dituztela sari gehienak.

IRIZAR PB modeloak 2002an Urteko Autokarrik onenaren saria irabazi zuen Espainian, eta orain, “COACH OF THE YEAR IN EUROPE” aitorpena eskuratu ondoren, luxuzko autokarrek oinarri eta ezaugarri dituzten lau euskarriak tinko indartu ditu: SEGURTASUNA, EROSOTASUNA, FIDAGARRITASUNA eta ERRENTAGARRITASUNA. Izan ere, aurtengo maiatzean beste 4 lehiakiderekin batera Italian gainditu behar izan zituen froga teknikoetan arrakasta lortu zuen. Aipatzekoa da, besteak beste, ezaugarririk onenak dituela KONTSUMOETAN, ERRESISTENTZIA aerodinamikoan, errodajean eta ENERGI ERAGINKORTASUNEAN.

IRIZARrek 1997an ekin zion IRIZAR PB modeloa garatzeari. Hainbat urte ikertzen eman, 18 milioi euro inbertitu eta proiektuan mila lagun baino gehiago lanean jarri ondoren, munduan izenik onenetakoa duen luxuzko autokarretako bat sortzea lortu du. Kaleratu zuenetik 2 urte igaro direla, 1.200 unitate dabiltza 20 herrialdetako bideetan.

Saria Bus World-en emango diote, urrian (17-22), Kortrijken (Belgika).

Koldo Saratxaga
 
 
 
 itzuli